Mari Luz Esteban: “Diziplinartekotasun inklusibo eta horizontal bat sustatu behar da”

“Antropologia eta feminismoa: ezagutzaren ekoizpen kolektiboa eta kritikoa hitzaldia emango du Mari Luz Estebanek Ikergazte kongresuan. Estebanek (Basauri, 1959), Medikuntza ikasi zuen (UPV/EHU, 1983) eta zenbait urtez familia-plangintzako mediku gisa lan egin zuen. Osasunaren eta generoaren arloko doktore-tesia egin zuen (Universitat de Barcelona, 1993) eta horrek gizarte-antropologiara jauzia egitea ahalbidetu zion. Badira hogeita bost urte Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) lan egiten duela. Bertan, irakaslea eta ikertzailea izateaz gain, Ikasketa Feministak eta Generokoak Doktorego Programa eta AFIT-Antropologia Feminista Ikerketa Taldea koordinatzen ditu. Unibertsitate-ikasketekin batera Basauriko Emakumeen Taldean sartu zen, eta gaur egun Marienea Basauriko Emakumeen Etxeko kide da. Beste talde eta ekimen feministetan ere parte hartu du. UEUkidea.

Antropologia eta feminismoaren gaineko hitzaldia emango duzu IkerGazte kongresuan. Non jarriko duzu fokua?

Bi gai jorratu nahi ditut: (1) Batetik, Euskal Herriko antropologia feministak izan duen eta duen ekarpena aipatuko dut, 1985. urtean, Teresa del Vallek zuzendu zuen Mujer vasca. Imagen y realidad lana argitaratu zenetik gaur arte. Nabarmenduko dut nola antropologo feministek, ikuspegi teoriko-metodologiko berritzaileak erabiliz, euskal kulturaren irakurketa zabaldu eta eraldatu duten, analisi dinamikoak eta konplexuagoak eginez, eta euskal gizartearen barruko desberdintasunak eta tentsioak eta emakumeen anizkoiztasuna azpimarratuz. (2) Bestetik, bai teoria bai antropologia feministak proposatzen duen ezagutzaren ekoizpen kolektiboaz hitz egingo dut. Gaur egun, unibertsitate- eta ezagutza-sistema globalizazio neoliberaleko testuinguru batean daude kokatuta, non aldaketa garrantzitsuak gertatu diren XX. mendearen amaieran eta XXI. mendearen hasieran. Ondorioz, ezagutza sortzeko prozesua enpresa-balioen eta merkatuaren menpe gelditzen ari dira, lehia eta indibidualismoa nagusi. Testuinguru horrek badauka eragina feministengan, jakina, baina hala ere, ikertzaile feministek metodo kolektiboak eta kooperatiboak jorratzen dituzte bai ikerkuntzan bai irakaskuntzan, eta gizarte-agenteengandik eta mugimendu feministatik hurbil mantentzen saiatzen dira.

Feminismoaren ezagutza kolektiboki egitearen garrantzia azpimarratu nahi duzu. Nortzuek izan behar dute prozesu horretako protagonistak?

Askotan hitz egiten da unibertsitatetik edo ikerketa-zentroetatik gizarterako ezagutzaren transmisioaz, ezagutzaren eraikuntza norabide bakarrean joango bailitzan. Horrela, besteak beste, oso modu zurrunean bereizten da dakitenen (adituak) eta ez dakitenen (herritar arruntak) arteko harremana. Feminismoak ez ditu ezagutzaren sorkuntza eta transmisioa horren modu mugatuan ulertzen, baizik eta norabide askotako fenomenotzat hartzen duela, prozesu aberatsagoa eta konplexuagoa baita. Nire kasuan, ‘ezagutzaren zirkuituez’ hitz egin izan dut ikuspegi alternatibo hori adierazteko. Zirkuitu horietan mota askotako protagonistak egongo lirateke gaien edo arloen arabera. Horrek ez du esan gura pertsona edo kolektibo batzuk ez direnik beste batzuk baino espezializatuagoak eta ekarpen handiago bat egin ez dezaketenik eremu jakin batzuetan. Norabide bakarreko transmisioaz hitz egiteak edo horrela ulertzeak errealitatea erabat murriztu egiten du eta, ondorioz, ezagutzaren sorkuntza pobretu.

Diziplinarteko kongresua da IkerGazte. Zer garrantzi dute izaera horretako topaketek?

IkerGazte bezalako topaketetan ahalbidetzen den diziplinartekotasuna funtsezkoa da arrazoi desberdinengatik. Hasteko, halakoetan, besteen ikerketak gertutik ezagutu daitezke eta aliantzak eta baterako lanak egiteko aukerak sortu. Bestela, bertan egiazta daiteke metodo zientifikoa ez dela bat eta bakarra, askotarikoa baizik, eta ezagutza eraikitzeko moduak anizkoitzak direla. Zoritxarrez, bizi garen unibertsitate-sistema merkantilizatu eta indibidualistan zientzia guztiek ez dute leku eta botere bera. Testuinguru horretan, adibidez, gizarte-zientziak azpiko egoera batean daude, eta “bikaintasuna” ebaluatzeko nagusituz joan diren baremoak oztopo izaten ari dira sorkuntza zientifikoa zabaltzeko eta aberasteko. Beraz, diziplinartekotasun inklusibo eta horizontal bat sustatu behar da, zeinak, beste gauza askoren artean, gizartearen arazo eta desberdinkerien kontrako tresna eraginkorrak ahalbidetuko dizkigun.

Osasunaren eta generoaren alorreko tesia egin zenuen zuk. Nola gogoratzen duzu IkerGazte garaia?

Nik Medikuntza ikasi nuen EHUn (1983) eta gero familia-plangintzako mediku gisa lan egin izan nuen Basaurin (Bizkaia). Urte batzuk geroago tesia egitea erabaki nuen. Ez nuen masterrik egin. Garai hartan, doktorego aurreko formakuntza oso sinplea zen, ikastaro batzuk, besterik ez. Tesia ugalketa-osasun eta familia-plangintza eremuan kokatu nuen eta ikuspegi feminista erabili nuen. Teresa del Valle antropologoak zuzendu zidan, baina medikuntzan aurkeztu nahi izan nuen. Arazo batzuk sortu ziren eta gizarte-antropologiara salto egin nuen eta bertan doktoratu nintzen. Horrek nire jardun profesionalean biraketa handia eragin zuen.

Zer aholku emango zenieke kongresura hurreratuko diren Ikergazteei?

Kongresuak norberaren lana aurkezteko (eta eztabaidatzeko) eta besteon lana entzuteko dira, baina baita jendea ezagutzeko eta dibertitzeko ere. Beraz, kongresuan izango duten parte-hartzea eta besteona ahalik eta ondoen aprobetxatu eta gozatu dezatela. Beste maila batean, haien ikerketa-jarduera orokorrari dagokionez, esango nieke bizi diren testuinguruaz ondo jabetu daitezela, testuinguru globalaz zein partikularraz (unibertsitatea, diziplina, arloa, lantaldea). Eta kritikoak izan daitezela. Animatuko nituzke berekin batera lanean dauden berdinekin aliantzak eta konplizitateak sortzera eta mantentzera, eta gizarteari begiratzera, ez mantentzera isolatuta haien lan-lekuetan. Eta unibertsitatean edo dauden zentroetan behin baino gehiagotan sortuko diren botere-abusuen aurka erne egoteko eta edozein gauza ez onartzeko. Baina, batez ere, aholkatuko nieke dituzten ideiei eta intuizioei adi egoteko, berdin dela ingurukoek zer esaten dieten, intuizio horiei eusteko, eta ikerketa-prozesuaz eta lanaz disfrutatzeko moduak bilatzeko.

2023-05-17T13:21:45+02:002023/05/17|
Go to Top