Josu Amezaga Albizu (Caracas, 1960), doktorea da Soziologia Politikoan eta irakasle ikerlaria UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Sailean. NOR Ikerketa Taldeko koordinatzailea da eta UEUkidea, besteak beste. Ikergazteren sorreratik izan da NOR Ikerketa Taldea kongresuaren laguntzaile eta horretaz hitz egiteko izan gara berarekin.
Zer da zuretzat Ikergazte kongresua?
Unibertsitatean eta ikerkuntzan euskarak aurrera normaltzeko zein ikerkuntza kolaboratibo eta gizartearekiko konprometitua sustatzeko lanean hamarkadak eman ondoren, pozgarria da oso hainbeste ikergazte euskaldunen sare sendo bat ehuntzen ikustea.
Alde horretatik asebetetze handia da, maila politikoan ez eze, maila pertsonalean ere.
Zer ekarpen egiten dio kongresuak euskarari eta ikerketari?
Biei handia. Hurrengo hamarkadetan euskaraz (ere) ikertuko duen komunitate zientifiko baten sarea osatzen ari gara. Oraingo harremanetatik elkarlanezko bideak irekiko dira, sistema bat, eta horrek indartu egingo du euskara arlo zientifikoan.
Ikerketari, maila globalean ulertuta, baita ere. Duela gutxi G. Orwellen 1984 eleberria landu genuen klasean, eta bertan agertzen den neohizkuntzaren auzia aztertu genuen. Orwellen distopian murriztuz doa hizkuntza, eta horrekin batera pentsamendua; gizartearen kontrol-neurri bat da. Gure munduan ingelesa ezartzen ari da ikerkuntzaren hizkuntza hegemoniko eta baztertzaile gisa, eta horrekin batera hizkuntz(ar)en erabilera murriztuz doa. Horrek pentsamendu zientifikoaren mugatzea ekar dezake. Horregatik euskaraz ikertzea, euskarari indarra emateaz harago, ezagutza eta ikerkuntza unibertsalari mesede egitea da. Iker dezagun nork bere hizkuntzan, eta bilatuko ditugu maila globalean emaitzak kontrastatzeko eta partekatzeko moduak. Itzulpengintza automatikoa horretarako lagun izango dugu.
Duen diziplinarteko izaerak berezia egiten du.
Zalantzarik gabe, horixe da gauza interesgarrienetako bat, lehenago aipatu dudan bidea jorratzeko. Sistema bat osatu behar badugu, diziplinartekoa behar du izan, bestela sistema barik atala izango da.
Nire adineko ikerlari euskaldunek beste modu batean osatu genuen sarea. Erreibindikazioa, mugimendua, nolabaiteko militantzia, UEUko Larraonako egonaldiak… horrelako gauzek batu gintuzten arlo ezberdinetako pertsonak, konplizitateak sorraraziz. Gaur egun Ikergazte ere hor dago (bai eta laster ateratzekoa den diziplinarteko ikerketa-proiektuen deialdia).
Ikergazteren sorreratik izan da NOR Ikerketa Taldea kongresuaren laguntzaile. Nolakoa izan da balorazioa?
Honezkero sumatuko duzunez, oso ona. Aurten joango direnekin, hamalau dira honezkero beren lana Ikergazten aurkeztu duten NORgazteak. Ezin gusturago egiten dugun gastu txiki bat da 😉
Horiez gain, antolaketaren laguntzaile gisa izan dugun esperientzia ere oso aberasgarria izan da.
Zer esango zenioke oraindik izena eman ez duen ikergazteari?
Izena emateko, zalantzarik gabe. Hiru egunetarako, jarduera guztietarako, eta ostatua bertan hartuta. Helburua ez baita hitzaldi bat edo beste entzutea, ez eta nork berea botatzea. Helburua, eta plazera, sarea egitea da.
Aurten ezer aurkezteko astirik edo modurik izan ez badu, ziur naiz bi urte barru aurkezteko grina sartuko zaiola.
Eta ez dezala ikergaztaroa pasa Ikergazten parte hartu gabe.
Zerbait nabarmendu nahiko zenuke?
Bai: bere txikian, UEU aitzindari izan zen euskara unibertsitatean sartzen, eta unibertsitate handien aurretik joan izan da jarduera askotan: pedagogian edo liburugintzan, adibidez. Orain ere aitzindaria da, lehenago bezala, saregintzan. Jende ezberdin asko pasatu da UEUko zuzendaritzetatik, baina bistan da oso ondo transmititu dela abiapuntuko izpiritua. Gaur egungo arduradun eta langileek ezin hobeto betetzen dute UEUren ametsa, zeinek bere garaian.