Maialen Sagarna: “Ikergazte ezinbestekoa iruditzen zait euskal ikertzaileen arteko sarea ehuntzeko”

Maialen Sagarna Aranburu (Usurbil, 1976) UPV/EHUko irakaslea da. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan lan egiten du 2004tik, Arkitektura sailean. 2010ean defendatu zuen doktorego-tesia: Gipuzkoako arkitekturaren eboluzioaren azterketa hormigoi armatuaren garapenari lotuta. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendariordea izandakoa da.
Ikergazte kongresuko batzorde zientifikoko kide izan zara hainbat ediziotan, aurtengoa ere bazabiltza… Zer nolako esperientzia izaten ari da?

Berrikusi ditudan artikuluak oso interesgarriak dira. Lantzen dituzten gaiak berritzaileak eta nazioartekoak gainera. Ikertzaile gazteen maila ikusgarria da eta urtez urte igotzen ari dela iruditzen zait. Oso seinale ona iruditzen zait. Sarritan ikertzaileok gure ikerketak argitaratzeko nazioartean gehien erabiltzen diren hizkuntzatan garatzen diren kongresuak aukeratzen ditugu. Euskaraz garatzen den kongresu batek horrelako arrakasta izateak oso pozgarria iruditzen zait.

Zergatik da garrantzitsua Ikergazte kongresua?

Euskaraz pentsatu eta garatutako ikerketari ateak irekitzen dizkio. Euskaraz bizi, ikertu eta lan egiten dugunontzat aukera paregabea ikertutakoa gure hizkuntzan (pentsatu eta garatu den hizkuntzan) erakusteko. Bestalde, ezinbestekoa iruditzen zait euskal ikertzaileen arteko sarea ehuntzeko: elkar ezagutu, sinergiak sortu eta elkarlanerako markoa eskaintzen du, batez ere, gaur egun ezinbestekoa den diziplina anitzeko ikerketa egiteko.

Arkitekturaren esparruan egin zenuen doktorego-tesia. Nola gogoratzen duzu ikertzaile hasi berri garaia?

Nik garbi neukan tesia euskaraz egin nahi nuela eta halaxe egin nuen. Baina nire gaian aditua zen zuzendari euskaldunik ez nuen topatu eta tesiaren garapena konplexua izan zen. Euskaraz idatzi eta gaztelaniaz “kontatzen” nion egindakoa zuzendariari. Azkenean, epaimahaia ere euskalduna izango ez zenez, tesia gaztelaniara itzuli behar izan nuen. Gaur egun, uste dut Arkitekturaren jakintza-arlo desberdinetan badirela goi-mailako aditu euskaldunak eta euskaraz ikertzeko eta tesia euskaraz egiteko aukera zabaltzen du horrek.

Usurbildarra zara, etxetik gertu egingo da aurtengo edizioa. Bertaratzerik izango duzu?

Unibertsitatean dudan plazaren defentsa daukat aurreikusita data horietan eta buru belarri ibiliko naiz kontu horrekin. Tamalez ezingo naiz gerturatu.

Zer esango zenioke oraindik izena eman ez duen ikergazteari?

Animatuko nuke parte hartzera. Giro ona eta gai interesgarriak topatuko ditu eta nazioarteko puntako ikertzaile euskaldunak ezagutzeko eta kontaktuak egiteko aukera izango du, seguru.

2023-05-11T08:32:34+02:002023/05/11|
Go to Top