Artikuluak bidaltzeko epea, zabalik

Ikergazte Kongresuaren muina ikertzaileek aurkezten dituzten komunikazioak dira eta dagoeneko zabalik dago horretarako epea. Otsailaren 17ra arte aurkeztu ahal izango dira eta lanek betebeharreko baldintzak zein idazteko ereduak webgunean dituzue ikusgai.

Ainhoa Latatu IkerGazte kongresuko koordinatzailea

Ikertzaile hasi berriei, ikerketa talderen batean sartu berri direnei, doktore tesia egiten dabiltzanei edota tesia azken urteetan aurkeztu dutenei begirako kongresua da IkerGazte. Diziplina anitzeko kongresua denez aurkezten diren komunikazioetan hori kontuan hartzea garrantzitsua da.

Kongresurako onartutako komunikazio guztiekin ISBNdun 5 liburu argitaratuko dira, jakintza arlo bakoitzerako bat. Gainera, artikuluak DOI zenbakiarekin eskuragarri izango dira inguma.eus datu-basean.

Komunikazioen interes eta kalitatearen arabera ahozko aurkezpen moduan edo mikroaurkezpen gisara aurkeztuko dira maiatzaren 17tik 19ra bitartean. Hautatutako lanak aurkezteko ezinbestekoa izango da kongresuan matrikulatzea.

Sariei dagokienez, ahozko aurkezpenetan, 5 sari banatuko dira, jakintza arlo bakoitzeko bat. Sari berezi bat ere izango da, Euskal Herriko garapenerako bereziki garrantzitsua den gaia lantzeagatik.

Mikroaurkezpenik onenak ere saria jasoko du. Ulergarritasuna eta originaltasuna hartuko dira kontuan eta entzuleek emango dute sari hori.

 

2022-12-02T11:29:34+02:002022/11/17|
Go to Top