SAIO OSAGARRIAK2023-05-10T14:32:27+02:00

SAIO OSAGARRIAK

Maiatzaren 17an, asteazkenean.

Gladys dokumentala.

Maiatzaren 17an, 19:00.

Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentalaren proiekzioa egingo dugu. Saio hau bi zatitan egingo dugu, lehendabizi dokumentala emango dugu eta bigarren zatian solasaldia egingo dugu.

80ko hamarkadaren hasieran, mugimendu antinuklearra nazioarteko hedapen betean zegoen, baita Euskal Herrian ere. Kostaldean eraikitzear zeuden hiru zentralez gain (Lemoiz, Ea-Ispaster eta Deba), laugarren bat eraikitzea aurreikusita zegoen Arguedasen. Horren aurka protesta egiteko, mobilizazioak antolatu zituzten Tuteran. Gladys del Estal Ferreño Tuterara joan zen, baina ez zen itzuli. Manifestazio baketsu hartan, Guardia Zibil batek hil zuen. Gladyseko gertakariaren ondorioz, garai hartako euskal gizartearen gehiengoa erakarri zuen mugimendu sozial baten erretratua egiten saiatzen da dokumental hau.

Atzoko kortsarioak eta gaurko piratak Donostiako kaian barrena.

Maiatzaren 17an, 19:00etan Donostiako portutik hasita Piraten istorioak entzun eta gaur egunera iritsi arteko bidaia egingo dugu.

Euskararen Donostia ibilbidea

Maiatzaren 17an 19:00etan Euskararen Donostia ibilbidea egingo dugu Bagera euskara elkartearekin batera. Egun, euskararen egoera hobeto ulertzeko iragana ondo ezagutzea beharrezkoa iruditzen zaigu. Euskarak izandako galeraren zergatiak ezagutzea garrantzitsua da. Izan ere, euskarak hainbat debeku eta oztopo jasan zituen eta horiek Donostian non eta nola gertatu ziren kontatuko dugu.

Bertsolaritza Donostian barrena

Maiatzaren 17an 19:00etan Bertsolaritza Donostian barrena ibilbidea egingo dugu Bagera euskara elkartearekin batera. Ibilbide hau, iraganetik orainera egindako bidaia bat dela esan dezakegu, Euskal Herri mailan kokatu daitezken pasarteak nahiz Donostiako bertsolaritzarekin zuzenki lotutako pasarteak ezagutzeko aukera eskaintzen ditu bisita gidatu honek.

Ikerketa ikuspegi feministatik

Tailer honetan ikerketa-prozesuen, ikerketa-dinamiken eta ikerketa-sareen genero-harremanak, genero-desorekak eta genero-zapalkuntzak izango ditugu gogoetagai, ikerketa-jarduna begirada feministatik zeharkatzeko lehen urratsak egiteko. Horretarako, galdera hauek izango ditugu ardatz: nolakoa izan da ikerketa-jardunerako geure sarbidea? Nolakoak dira geure jakintza-alorraren genero-logikak? Zer harreman-sare eraiki ditut ikerketa-jardunean? Eta genero-ikuspegitik, nola interpreta daitezke sare horiek? Mintegi edo tailer honetan gogoetarako hainbat egoera, auzi eta pasarte abiapuntu hartuta, ikerketa-esparrua genero-ikuspegitik birpentsatzeko gako zenbait identifikatuko ditugu. Iratxe Retolaza eta Ainara Santamaria Emagin elkarteko kideen eskutik.

Maiatzaren 18an, ostegunean.

IkerGazte2023 amaiera-ekitaldia

Kongresuko amaiera-ekitaldia Donostiako Kafe Antzokian (DOKA) izango da, 20:30etatik 23:30etara, afaria eta musikaz lagunduta. Matrikulatzerakoan bertaratzeko aukera adierazi beharko duzu.

Go to Top