HITZALDI SAIOA
CLARIAH-EUS: Ikertzeko molde berrien azpiegitura.
- Maiatzaren 18an 15:30-16:10
- Hizlariak:
- Nayla Escribano (Ixa taldea, HiTZ zentroa, UPV/EHU).
- Xabier Sarasola (Orai NLP Teknologiak).
- Begoña Altuna (Ixa taldea, HiTZ zentroa, UPV/EHU)
- Laburpena: Teknologia berriek ikerketa egiteko moduak eraldatu dituzte. Lan astunenak arintzeaz gain, ikerketa-galdera berriak ere bururatzeko aukera eman dute, izan lehen tratatu ezin ziren ezaugarri eta ñabardurak agerian uzten dituztelako, izan metodologia berriek ikergaiari beste ikuspuntu batetik begiratzea ahalbidetzen dutelako. CLARIAH-EUS giza eta gizarte-zientzietan euskaratik eta euskaraz ikerketa egiteko baliabideak batzen dituen azpiegitura da. CLARIAH-EUSen bidez, ikertzaileek Europa osoan garatu diren tresna eta baliabideak izango dituzte eskura erraz, doan eta puzzle bat balira bezala konbinatzeko moduan. Tresna eta baliabide hauen adibide, Eusko Legebiltzarreko jardunekin egindako lana aurkeztuko dugu.
“Argitaratutako ikerketa baten arabera”: makulu-hitzen garaiko komeriak
- Maiatzaren 18an 16:15-17:15
- Hizlaria:
- Uxune Martinez (Euskanpus Fundazioa eta UEUkidea)
- Laburpena: Komunikaziorik gabe ez dago zientziarik. Zientzialariek, ikertzaileek zein zientziaren esparruko profesionalek badakite oinarrizko zeregina dela beraien lanaren berri ematea. Izan ere, argia ikusten ez duen ikerketak ez du izaterik (ez da existitzen). Hor dago gakoa, begi-bistakoa egitea, baina ez da ez erraza eta ikerlan guztiek ez dituzte plazaratzeko aukera berberak. Badira ibilbide samurragoa egingo duten inpaktu arineko ikerketak, interes handiko ikerlerroak, edo modako gaiak. Aldiz, lan-andana handi bat bidean ahaztuta utziko da ez duelako erakusleihorik izan. Egia esan, argitaratutako ikerketa baten arabera, inor ez da profeta bere herrian, ezta ikertzaile euskaldunak Euskal Herrian Science, Nature, PNAS edo The Lancet aldizkarietan ez badute publikatzen.
- Uxune Martinez (Euskanpus Fundazioa eta UEUkidea)
Ikertzaileen osasun mentala: gakoak eta konponbideak
- Maiatzaren 18an 17:30-18:30
- Hizlaria:
- Beñat Garaio. (freelance ikertzailea (Biziherri IGB) eta Koldo Mitxelena sariduna)
- Eider Saragueta (UPV/EHU)
- Laburpena: Ikertzaileen osasun mentaleko adierazle eta datu ugarik egoera (benetan) txarra dela adierazten dute, lan-mota honek dituen berezitasunak direla eta. Are okerragoak dira doktoregaien datuak, ikertzaileen barruan baldintza okerragoak dituzten heinean. Hitzaldi honetan gaiari hainbat aldetatik heldu nahiko genioke, modu eraikitzailean aurrera begirako proposamenak egiteko asmotan betiere. Lehenik eta behin, ikertzaileen osasun mentala baldintzatzen duten adierazle eta datu batzuk partekatuko ditugu, OPIK ikerketa taldeak gaiari egindako hurpilpen soziologiko bat partekatuz. Bigarrenik, Leire Pinedo psikologoak identifikatutako ikertzaileen alarma-seinaleen berri emango dugu, izan ditzakegun ondoezak hobeto ezagutzeko asmoz. Hirugarrenik, hizlarion eta gure ingurukoon testigantzak eta bizipenak azalduko ditugu, betiere egoera aldatu eta hobetzeko irtenbide, aholku, neurri eta estrategiak proposatzera bideratuta. Amaitzeko, hizlarien eta publikoaren arteko solasaldia bultzatu nahiko genuke, saioa elkarrekin borobiltzeko.