Ia 200 ikertzaile gazte bilduko dira Donostian UEUk antolatu duen Ikergazte kongresuaren bosgarren edizioan

Maiatzaren 17an, 18an eta 19an Donostian egingo den IKERGAZTE kongresuan 200 ikertzailek parte hartuko dute elkar ezagutu eta euskarazko produkzio zientifikoa sustatzeko helburuarekin. 155 artikulu zientifiko aurkeztuko dira eta antolatzaileek ekitaldi arrakastatsua izango dela aurreikusten dute. Hiru egunetan zehar nazioarteko ikertzaileen hitzaldiak, mahai-inguruak, aurkezpenak eta ekintza ludikoak antolatu ditu UEUk.

Prentsaurrekoan Aitor Bengoetxeak, UEUko zuzendariak; Olatz Arbelaitzek, kongresuko zuzendaria eta UEUkideak; Elixabete Perezek, Deustuko Unibertsitateko ordezkariak; Itziar Irigoienek, EHU/UPVko Gipuzkoako campuseko Ikerketa arduradunak eta Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak parte hartu dute.

Aitor Bengoetxeak, UEUko Zuzendariak, UEUrentzat egitasmo honek duen garrantzia azpimarratu du: “50 urteko ibilbidean, UEUren helburu garrantzitsuenetako betidanik izan da euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzea. Elkarren berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are gehiago gure kasuan, euskaraz lanean dihardugun ikerlariak hain sakabanatuta egonda. Gaur egun ikertzaile euskaldunak inoiz baino gehiago dira, eta beraien arteko eta lanen ezagutza bideratzeko asmoz antolatu genuen 2015ean lehen aldiz IKERGAZTE kongresua Durangon, bigarren aldiz 2017an Iruñean, hirugarren aldiz 2019an Baionan eta duela bi urte Gasteizen. Edizio bakoitzean 200 ikertzailek parte hartu dute, eta argi geratu zen horrelako foro bat beharrezkoa zela. Ikertzaile gazteei erakusleiho bat ematea, elkar ezagutzea eta euskarazko produkzio zientifikoa areagotzea dira Ikergazteren helburuak, eta aurten ere, bosgarren edizio honetan ziur gaude helburuak beteko ditugula. Izan ere, dagoeneko gune erreferentziala bilakatu da ikertzaile euskaldunentzat, eta arrakasta horren atzean dago Euskal Herriko unibertsitate guztiekin eta erakunde desberdinekin egiten ari garen bide oparoa, #ElkarEkin.

Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak IkerGazteren antolatzaileak zoriondu ditu dagoeneko bosgarren aldiz “euskara eta zientzia gurutzatzen diren plazan hitzordua jartzeagatik ez ezik, plaza hori zabaltzen eta gero eta erakargarriago egiten” jakin dutelako. “Horrelako topaguneak behar ditugu, euskal ikerlariek elkar ezagutu, ezagutza partekatu eta zientziaren alorrean ere, gainontzeko hizkuntzekin hartu-emanean, euskarak ere espazio gero eta zabalagoa izan dezan”, adierazi du. Gaineratu duenez, Gipuzkoa “zientziaren eta berrikuntzaren lurraldea” den bezala, euskararen biziberritzeari “bultzada berri bat emateko ere beharrezko ditugu zientzia eta berrikuntza” eta, horregatik guztiagatik, “etorkizunera begira ere” ikerlari euskaldunen lana “indartzen eta ikusgarritasuna ematen” jarraitzera dei egin du.

Ikergazte kongresuaren aurtengo edizioko unibertsitate-koordinatzailea Deustuko Unibertsitatea da eta Elixabete Perezek parte hartu du agerraldian bertako ordezkari bezala: “Ikergaztek aukera ematen du, bistan da, ikertzaile gazteek beren ikerlanen berri emateko, baina horrekin batean, unibertsitateen topagunea ere bada, eta unibertsitateentzako akuilua ikerketa euskaraz ere bultzatzen jarrai dezaten. Euskararen normalizazioaren aldeko apustuan unibertsitateok ezin gara kanpoan geratu. Deustuko Unibertsitatean ere ahalegintzen ari gara horretan”.

Itziar IrigoienEHU/UPVko Gipuzkoako campuesko Ikerketa arduradunaren esanetan, “gure hizkuntzak terminologia zientifikoa, bibliografia, material didaktikoa eta, batez ere, euskara lanean erabiliko duten ikertzaileak behar ditu. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Udako Euskal Unibertsitateak elkarlan handia egin dute guzti hori sortzearen alde. Poliki-poliki baina eten gabe doa gure hizkuntza ikerketan ere bere bidea egiten”.

Olatz Arbelaitzek, kongresuko zuzendariak eta UEUkideak aurreko edizioetako helburu berberekin bidea urratzen segitzeko asmoz datozela adierazi du: “Ikertzaile gazteek egiten duten nazioarte mailako ikerkuntza etxean ezagutu dadila nahi dugu. Aurten sekula baino ekarpen gehiago jaso dugu, 170, eta gainbegiratze-prozesua gainditu duten 155 lan aurkeztuko dira kongresuan: 52 ahozko aurkezpen, 72 mikroaurkezpen eta 31 poster. Ezin aurrera egin beraz, jasotako lan guztiak zintzotasunez berrikusi dituzten batzorde zientifikoko kideei eskerrak eman gabe”.

IKERGAZTEko Zuzendariak aipatu du jakintza-alor bakoitzeko lanik onenari saria emango zaiola kongresuaren azken egunean, Donostiako Udalaren eskutik. Era berean, sari berezi bat ere egongo da, Udalbiltzak emango duena, Euskal Herriko garapenean eragin handiena izango duen ikerketa aintzat hartuko duena.

Ikertzaileen filiazioari dagokionez, aurreko edizioetako joera mantendu da. Jasotako komunikazioen artean Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) da maizen aipatu dena. Horiez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Madrilgo Complutensea, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa… lanak ere kongresuan egongo dira. Hauez gain unibertsitateei atxikitako ikerketa-zentroak eta taldeak ere aipatzen dira beste argitalpen askotan. Ildo honetatik nabarmentzekoa da, aurtengo edizioan 17 ikerketa talde laguntzaile izango direla.

Arbelaitzen esanetan zenbakiek adierazten dute oso pozik egoteko arrazoiak dituztela, IKERGAZTE ekimen arrakastatsu eta erreferentzia bilakatu dela adierazten baitute: “Zalantzarik ez dugu alor desberdinetako ikertzaileek besteen lanak ezagutzeko aukera izango dutela, eta aurretik gertatu den bezala, ziurrenik elkarlan berriak ere sortuko dira bertatik”.

Azkenik, eta bosgarren edizioko berrikuntza modura, BadaLab-ekin elkarlanean ikerketa proiektuen deialdia martxan jarriko dutela adierazi du kongresuko zuzendariak: “Proiektu honen muina ikertzaile euskaldun gazteen arteko harremanak sendotzea izango da. Kongresua topagune izatetik, elkarlanerako esparru bat izatea ahalbidetuz. Honek ekarriko du, ikerketarako esparru berriak irekitzea bultzatu nahi du, lan alor eta bide berriak zabalduz”. Ikerketa proiektuen deialdia ikertzaile gazteei bideratuta egongo da eta proiektuak proposatzeko epea irailera arte zabalik egongo da.Ikerketa proiektuak diziplina artekoak izango dira. Beraz eta diziplina artekotasunari erantzuteko, gutxienez 3 ikertzailez osatutako taldeak izango dira deialdia honetara aurkeztu ahal izango direnak. Ikerketa proiektuen ebaluazioa egonkortutako ikertzaile talde batek egingo du, proiektuaren interesa, egingarritasuna, originaltasuna eta aplikagarritasuna moduko irizpideak kontuan hartuz. Ikertzaile taldeak, aukeratzen den proiektua aurrera eramateko 18 hilabeterako epea izango du, 2023ko urritik, 2025eko martxora arte. Ikerketa talde bat finantzatuko da ikerketa proiektu zehatz bat aurrera eramateko.

2023-04-24T12:04:21+02:002023/04/24|
Go to Top