Ikergazte kongresuan Zientziaren eta zientzialarien rola krisi sozio-ekologikoaren aurrean hitzaldia emango du Unai Pascual ikertzaileak. Pascual Ekonomia Ekologikoko doktorea da (Yorkeko Unibertsitatea, Erresuma Batua 2002). Gaur egun, Ikerbasque ikertzailea da Klima Aldaketari buruzko Euskal Zentroan (BC3), eta Bernako Unibertsitateko (Suitza) Garapen eta Ingurumen Saileko kidea da. Lehenago, irakasle titularra izan zen Cambridgeko Unibertsitatean 10 urtez, eta Manchesterreko Unibertsitatean eta Deustuko Unibertsitatean eman ditu eskolak. 25 urte baino gehiagoko esperientzia du ekonomiaren eta ingurumen-aldaketa globalen arteko erlazioari buruzko ikerketan. Klima-aldaketari eta biodibertsitatearen kontserbazioari lotutako ingurumen-politikari buruzko 200 artikulu zientifiko, liburu eta txosten tekniko baino gehiago argitaratu ditu.
IkerGazte kongresuan krisi sozioekologikoa jarriko duzu erdigunean. Gaurkotasuneko gaia, baina ez da berria.
Egia da gaurkotasun handiko gaia dela, baina ez da berria. Zientzialariok matraka handia eman dugu gaiaren inguruan, eta azkenean, gizartea hein handi batean jabe egin da gertatzen ari denaz; batez ere klima-aldaketaren inguruan. COVID garaia ere pasatu dugu eta hori ere aldarri bat izan da, nolabait alarma-egoera berri bat piztu duelako. Zientzialariak, eta gizartea orokorrean, krisi desberdinak oso harilkatuta daudela konturatzen ari dira: klima-krisia, bioaniztasun-krisia, krisi ekonomikoak, baliabideen urritasuna, krisi energetikoa… oso momentu berezi batean gaude eta honetan komunikabideek ere laguntzen dute. Gaia kalean dago, gero eta era nabarmenagoan. Klimaren krisiak sortzen dituen arazoak gure begiekin ikus ditzakegu eta saihetsezina da honetaz ez hitz egitea. Zientzialariontzat gaurkotasuna aspaldikoa izan arren, gizartearentzat orain dauka gaurkotasuna. Hor badago denboran diferentzia bat, zientzialariok hamarkada asko daramatzagulako gaia ikertzen eta datuak zabaltzen, eta gauza berria dela dirudien arren, ez delako batere berria.
Zientziak eta zientzialariek krisiaren aurrean izan behar duten rolaz hitz egingo duzu. Zein izaten ari da?… Eta zein izan beharko luke?
Zientzia oso dibertsoa da, ezin dezakegu zientziaren karikatura bat egin. Zientzia-alor oso desberdinak daude, baina krisi sozioekologikoaren inguruan dagoen zientzia asko aurreratu da azken bi hamarkadetan batez ere. Jasangarritasunaren zientziaz ezagutzen dena gero eta oihartzun gehiago izaten ari da, eta hor zein da gure rola? Egoeraren diagnostikoa ahalik eta hoberen egitea. Jadanik asko dakigu krisi harilkatu hauen jatorriaz eta beraz irtenbideak zeintzuk izan daitezkeen plazaratzea da gure erronkarik handiena; diagnositik irtenbideetarako saltoa egitea. Hori da egiten ari garena eta hauspotu behar dugun rol inportanteena. Diagnostikoak egitea beharrezkoa da, baina ekintzara pasatzen ez bagara, diagnostiko horiek ezer gutxirako balio dezakete. Zientzialarion rola da gizartearen parte izatea, ez bakarrik zientzialari bezala pentsatu, baizik eta kaleko pertsona bezala ere pentsatu eta rol bi horiek uztartu. Zientzialarion rol klasikotik haratago joan behar dugu, arazo nabarmenenak zeintzuk diren eta krisiari aurre egiteko irtenbideak zeintzuk izan daitezkeen azaldu eta eztabaidatu. Zientzialariok lagundu egin behar dugu eztabaida honetan ahalik eta informazio hoberenarekin eta baliabide hoberenekin parte hartzera. Hori da gure rol nagusia gaur egun.
Kontzientzia kolektiboa lortzea garrantzitsua da, baina zeintzuk dira eman beharreko pausoak?
Kontzientzia kolektiboa lortzea oso-oso garrantzitsua da. Kontzientzia indibidualetik haratago salto nabarmen bat egin behar dugu. Gizartearen portzentaje inportante batentzat erantzukizun indibiduala oso inportantea izango da, baina agian, talde hori, ez da % 10 edo 15 baino gehiago, eta ekintzara pasatzeko kontzientzia indibidualetik kolektibora pasatu behar da. Krisi sozioekologikoa ez da gaindituko norbanakoen ekintza txikiekin. Benetako kontzientzia duen gizartearen portzentajea erlatiboki txikia da oraindik, % 15eta20ren artekoa. Horiek ekintzara pasatuko balira ere (beren egunerokotasunean, familian…), ezer gutxi egin lezakete. Argi dago arlo kolektiboa landu behar dela eta ikerketek diote “tipping point” deritzona hor dagoela. Alegia, kolektiboetan edo gizarte-mailan ez dela behar kontzientea edo aktiboa den gehiengo zabal bat. Kontzientzia-maila handia bada eta ekintzak ondo koordinatuta badaude, % 15eko edo % 20ko portzentaje batekin dinamika propio bat sor daiteke gizartean; eta beste% 80a poliki-poliki batuko litzateke bai kontzientzia-mailan eta bai ekintza-mailan. “Tipping point“ hori lortzea behar-beharrezkoa dugu eta eman beharreko pausoak horretan zentratu beharko genituzke benetan gizartean eraldaketa eman dadin.
Krisi sozioekologikoa ertz desberdinetatik begiratu beharreko arazoa da. Diziplinartekotasuna garrantzitsua da?
Oso beharrezkoa dugu diziplina-aniztasuna. Zientziak izugarrizko pausoak eman ditu alor guztietan, batez ere ikuspegi berezi bat izan duelako ezagutza sortzeko prozesua zein izan den ikusita. Asko atomizatu dugu zientzia, alor bakoitzak bere arlora murriztu du begirada eta mikroskopio bat bezala gero eta sakonago aztertu ditugu zientziaren alor guztiak. Jakintza asko gureganatu dugu oso denbora gutxian eta II. Mundu Gerratik hona zientziak eman duen saltoa izugarria izan da. Atomizazio horrek baina, oso ona izan ez den gauza batean eragin du, diziplina arteko lana albo batera utzi dela hein handi batean. Krisi sozioekologikoak erpin asko ditu eta jakintza-alor askoren beharra du, eta hau ikusita diziplina anitzetako elkarlana behar-beharrezkoa dugula geroz eta zabalduago dago. Ezingo dizkiogu zientziatik gizarteari erremintak edo lanabesak eskaini, bakoitzak bere erpin murritzetik krisiari begiratzen badiogu. Azken batean krisi sozioekologikoa kapa asko dituen tipula antzeko bat da eta ezin dugu kapa bati begira egon denbora guztian. Kapa guztiak eta kapa horien loturak aztertu behar ditugu, eta horretarako, zientziak elkarlanean aritu behar du. Diziplina desberdinek badute zer esan, baina inportanteena gaur egun diziplinarteko elkarlan hori da. Jasangarritasunaren zientziak oso argi dauka hori eta gaur egun argitaratzen diren artikulu zientifiko interesgarrienetakoak alor desberdinetako zientzialarien elkarlanaren fruitua dira. Pauso garrantzitsuak ematen ari dira zientziaren munduan, baina asko dago egiteko oraindik. Zientzia finantzatzeko prozesuek inertzia handia dute eta oraindik ere diziplina anitzetako proiektuak askoz gutxiago finantzatzen dira. Beraz, inertzia batzuk apurtu egin behar dira, nahiz eta apurtzen ari diren poliki-poliki. Europa iparraldean batez ere pauso garrantzitsuak ematen ari dira alor honen inguruan eta hona ere iritsiko dira, nahiz eta geldoegi ari garen horretan. Instituzioetatik hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Instituzioei bidali behar zaien mezua da, zientzia finantzatzen duten horiei.
Alor desberdinetako euskal ikertzaile gazteen aurrean emango duzu hitzaldia. Zer garrantzi dute izaera honetako bilguneek?
Oso inportantea da ikertzaile gazteei guk emandako pausoak zeintzuk izan diren helaraztea: zer ikusten dugun ondo funtzionatzen duela, non dauden gabeziak zientziaren munduan, zientzia gizakiok egiten dugula, zientzia gizakiok finantzatzen dugula, zientzia egiteko modu desberdinak daudela eta galdera desberdinei erantzuteko interes desberdinak daudela. Eta interes horiek botereguneetan ere finkatzen direla.
Oso garrantzitsua da belaunaldi gazteek jakitea zientziaren mundua ez dela monolitikoa; oso dibertsoa dela eta posizionamendu desberdinak daudela zientzia egiteko orduan eta zientziaren paperak zein izan behar duen azaltzeko orduan. Jasangarritasunaren zientziak gero eta indar gehiago izango du hurrengo urteetan, eta alor desberdinetako zientzialariak elkarrekin egotea, elkar ezagutzea, elkarlanerako grina ikustea… hori frogatzea eta dastatzea lehenengo pausoa da gero elkarren arteko lan zientifikoa egin ahal izateko. Honekin ez dut esan nahi diziplinarteko lana egin behar denik soilik, diziplina bakoitzean oraindik ere lan asko dago egiteko. Ezagutza oso interesgarri asko sortzeko beharra dago, baina baita esparru desberdinetatik datozen zientzialarien arteko elkarlana ere. Hori dastatzeko, posible nola izan daitekeen pentsatzeko eta eztabaidatzeko horrelako bilguneak beharrezkoak dira, batez ere belaunaldi berriei begira. Horregatik pozik joango naiz hitzaldia ematera. Horrelako aukerak baliatu behar ditugu eztabaida zabalagoa denon artean partekatzeko eta bakoitzak bere esparrutik ekarpenak egin eta denon artean pentsatzeko.
Zer aholku emango zenieke kongresura hurreratuko diren Ikergazteei?
Niri ez zait gustatzen aholkuak ematea, baina esango nieke begiak eta belarriak oso irekita izateko, malguak izateko, bakoitzak bere esparruan lana egin eta txukun egin behar duela, baina zientzia elkarlanean edo auzolanean ere egin behar dela, horretaz jabetu behar direla. Zera esango nieke batez ere krisi sozioekologikoaren inguruan lan egingo dutenei (energia-sistemetan, biologian, ekonomian, antropologian, filosofian…): talde txikietan elkarrekin pentsatzen eta eztabaidatzen has daitezela eta ikusiko dutela beren elkarlaneko esfortzuek fruitu oso emankorrak emango dituztela. Izan ere, ez da erraza elkarlanean aritzea, bakoitzak ikuspegi desberdinak ditugu, interes desberdinak eta semantika desberdina ere bai. Zientzian hizkuntza desberdinak daude, batzuetan zaila egiten zaigu elkar ulertzea, hitz berdinak erabili arren hitz horiek kontzeptu desberdinak dituztelako atxikita; baina posible da eta oso esperientzia emankorra da. Ikergazteei aholkatuko nieke krisi sozioekologikoari aurre egiteko aletxoa elkarlanean jar dezatela, ez bakarrik bakoitzak bere esparrutik, baizik eta auzolanean. Hori gauza ederra litzateke.