Arantza Diaz de Ilarraza: “Gurean ez ezik beste arlo askotan ere diziplinartekotasuna funtsezkoa da”

“Hizkuntza teknologiaren bilakaera: IXA taldearen esperientzia. Erabili zientzia gure gizartearen alde” izenburupean, Hizkuntzalaritza Konputazionalaren arloan izandako esperientziaren berri eman zuen atzo Arantza Diaz de Ilarraza UPV/EHUko Informatika fakultateko irakasle oso eta UEUkideak. Ixa Taldearen sortzaileetako bat izan zen ilarraza 1988an. Hitzaldia aurretik izan ginen berarekin.

Hizkuntzaren Prozesamenduaren eta Adimen Artifizialaren arloan aitzindari izan zara Euskal Herrian. Zerk eraman zintuen mundu horretara?
Ni doktorego-tesia egiten hasi nintzenean Adimen Artifiziala puntako gaia zen eta nire tesi gaia arlo horretan kokatuta zegoen. Nik irakaskuntza sistema baten testuinguruan elkarrizketa-sistema garatzeko helburua nuen tesian eta helburu hori aurrera eramateko adimen artifizialeko teknikak erabili behar nituen eta doktorego-tesiak arloan sakontzeko aukera eman zidan.

Hizkuntzalaritza Konputazionalaren garrantzia azpimarratu nahi izan duzu. Zergatik?
Hizkuntzalaritza konputazionalak euskara, hizkuntza gisa, beste ikuspuntu batetik aztertzea eskatzen dizu. Eskatzen du hizkuntzaren formalizazioa. Konputagailurako programak egiteko oso sistematikoa izan behar duzu; eta gure helburua izanik hizkuntzaren ezaugarriak (morfologikoak, sintaktikoak, semantikoak eta abar) detektatzea, horrek behartzen gaitu hizkuntza sistematizatzera.

Sistematizazio hori oso interesgarria iruditu zitzaigun hasieratik, baina informatikariok ezin genuen hizkuntzak behar duen sistematizazioa behar bezala egin, eta orduan hizkuntzalariei eskatu genien laguntza eta diziplinarteko talde bat osatu genuen. Esan daiteke gaur arte filosofia hori mantendu dugula gure taldean.

IXA taldearen sortzailetako bat ere bazara. Zein helbururekin sortu zen 1988an?
Informatika Fakultateko irakasle talde bat hizkuntzalaritza konputazionalaren arloan hasi ginen lanean. Esan beharrik ez dago iristen zitzaizkigun erreferentzia guztiak ingelesarentzat zirela, eta guri, euskal hiztunen komunitatearen parte izanik, interesgarria iruditu zitzaigun irakurtzen genituen metodoak eta teknikak gure hizkuntzarako aplikatzen hastea. Gure helburua, beraz, hauxe zen: ingelesa ulertzeko aplikatzen ziren teknikak eta metodoak euskarari aplikatzea.

Beraz, helburu garbia izan genuen: euskara eta teknologia lotzea, eta gizartearentzat baliagarriak izango ziren tresnak garatzea.

2018an berriz HiTZ: Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroa sortu duzue, IXAk bezala diziplinartekotasuna oinarri duena. Diziplinartekotasunari behar besteko garrantzia ematen zaiola uste duzu?
Bai, gure taldean hizkuntza idatziarekin lan egiten dugu eta orain HiTZ zentroan Euskal Herriko Unibertsitateko Aholab taldearekin elkartu gara. Aholab taldeak ahozko hizkuntzaren tratamendua du helburu; beraz, guztiz osagarriak gara. Urte asko daramagu kolaboratzen, baina uste dugu HiTZ zentroaren barruan kolaborazioa emankorragoa izango dela.

Diziplinartekotasunari ematen zaion garrantziari buruz, esango nuke, paperean bai, ematen zaiola eta bultzatu nahi dela esaten dela, baina gero oztopoak aurkitzen dituzu egunerokotasunean; adibidez, definitzen duzunean ikerketa-proiektu bat non informatikariak eta hizkuntzalariak elkarlanean dauden, galdera da: zer arlotan kokatu? Proiektua nola ebaluatuko den irizpideak aldatzen direlako diziplinaren arabera.

Edo, gure kasuan bezala, eskaintzen dugunean diziplinarteko master unibertsitarioa, “sistema informatikoak” (plataformak) bakarrik uzten du publikoki eskaintzen arlo batean eta ez gehiagotan; aukeratu behar duzu bat: hizkuntzalaritza edo ingeniaritza. Zer egingo duzu, aste batean ingeniaritza-arloan eta hurrengo astean hizkuntzalaritzan?

Arlo horretan euskarak posizio duin bat lortu duzuela diozu. Zeintzuk dira aurrera begirako erronka nagusiak?
HiTZ zentroa sortu dugu pauso kualitatibo bat emateko, eta esateko ozenki hizkuntza teknologietatik deribatzen diren aplikazioetan fokua jarri behar dugula. HiTZ zentroa erreferentziazko zentroa izateko sortu dugu, ez bakarrik hizkuntza teknologietan, baizik adimen artifizialean orokorrean; eta ez bakarrik euskararako baizik eta baita beste hizkuntzetako ere (“know-how”/ezagutza zabala eta kontrastatua badugu hainbat urtetako lanaren ondorioz).

Bestalde, ikerketan, egun dauden metodoetan sakontzea eta egokitzea gure beharretara. Horretarako, tresnak eta baliabideak egiten, eguneratzen eta gizarteari eskaintzen jarraitu behar dugu.

Enpresaren munduan, teknologia hauek erabilita beren produktuei balio erantsia emango dietela frogatzea.

Hainbat arlotan tresna lagungarriak eskaintzea. “Humanitate digitaletan”, adibidez, Europan sortzen ari diren sareetan (CLARIN, DARIAH, besteak beste) parte aktiboa hartzea eta arlo horien ikertzaileei sarbide erraza eta iraunkorra eskaintzea datu linguistiko digital elebakar zein eleaniztunetara (izan idatzizko, ahozko, bideo edo multimodal); bestalde, baita tresna aurreratuak ere datuak aurkitzeko, esploratzeko, ustiatzeko, etiketatzeko.

Gure tresnak aplikatzea domeinu espezializatuetan (medikuntzan, turismoan, justizian…) eta domeinu horietan euskararako detektatzen diren ahultasunak gainditzeko bideak proposatzea. Seguru asko domeinu berria tratatu nahi dugunean konturatuko gara corpusen gabeziaz (adibidez, medikuntzan, ez daude baliabide asko euskaraz), eta kasu horietan estrategia bat prestatu behar da gabezia horri aurre egiteko.

Zer nabarmendu nahi duzu zure hitzaldian?
Hainbat urtetan izan dugun jarduera apustu bat izan zela, sinistu genuela apustu horretan eta bere fruituak ematen ari dela; ezin garela gelditu eta aurrera joan behar dela.

Zure ustez zein da Ikergazte bezalako kongresu batek egiten duen ekarpenik handiena?
Alde batetik, Ikergaztek gai anitzeko ikertzaile gazteak elkartzea du helburu eta ideia hori, bera, oso aberatsa da.

Bestalde, komunitate baten parte zarela sentitzea. Ikergazten parte hartzen dutenek ikusten dute zenbat gauza egiten diren gure herrian nahiz eta komunitate txiki bat izan.

Euskaldun gisa gure helburua bada euskaraz bizitzea arlo guztietan, pentsatu behar da guk egin behar dugula, beste inork ez duela egingo.

Amaitzeko, zer esango zenieke ikergazteei?
Lan taldeari garrantzia emateko. Ikerketa-sareetan parte hartzeko eta besteekin kontrastatzeko egiten dutena.

Pentsatzeko diziplinartekotasunak garrantzia duela. Iruditzen zait gurean ez ezik beste arlo askotan ere diziplinartekotasuna funtsezkoa dela.

Argitaratzeko eta nazioartean ezagutarazteko egiten duten lana, eta ez bakarrik curriculumean pentsatuta.

Saiatzeko ahalik eta gehien zabaltzen eta gizarteratzen beraien ikerketen emaitzak.

Azkenik, ez geratzeko bakar-bakarrik bulegoan edo laborategian. Konpartitzeko! Ez dauka zentzurik zer edo zer sortzeak eta guretzat bakarrik gordetzeak.

 

2021-06-10T14:42:39+02:002021/06/10|
Go to Top