Katy Deepwell: “Gure ikerketa foro desberdinetan partekatu eta eztabaidatzeko ardura dugu”

Katy Deepwell, Middlesex Unibertsitateko (London) irakasle eta ikertzailea da Arte Garaikidearen Teorian eta Kritikan. Emakume artista garaikideen lanari buruzko teoria feministan espezializatu den arte-kritikaria da. Hainbat libururen egilea da eta n.paradoxa: international feminist art journal (1998-2017) aldizkariko sortzaile eta editorea ere izan zen.

Gogoan al dituzu zure lehen pausoak ikertzaile legez? Zerk eraman zintuen ikerketara?
Arte-ikasle bihurtu nintzenean, Roszika Parkerrek eta Griselda Pollockek argitaratu berri zuten Old Mistresses: Women, Art and Ideology (1981) liburua. Liburu hau garrantzitsua izan zen, artearen historiari buruz plazaratzen zituen galderak zirela eta. Liburu honengatik joan nintzen Griselda Pollock-ekin arte masterra egitera (1985an); eta feminismoa, marxismoa eta artearen historia soziala aztertu nahi nituelako. Gero, nire doktoretzarako aukeratu nuen arloari dagokionez – “emakume artistak Britainia Handian bi mundu-gerren artean (1918-1939)”- jende gutxik onartu zuen gai gisa; eta oso ikerketa gutxi zegoen, batez ere ikuspegi feministatik.

Jendeari nire gaia hori zela esaten nionean, askotan oso zaila egiten zitzaien garai horretako izen bat edo bi asmatzea, eta uste zuten nire ikuspegia monografikoa izango zela eta emakume gutxi batzuk baino ez zeudela. Izen ezagun batzuk iradoki ondoren (burua hausten ari ziren bitartean, lagundu asmoz) – Barbara Hepworth, Gwen John, Vanessa Bell edo Frances Hodgkins – , orduantxe azaltzen nien egiten ari nintzen lana 300 emakume baino gehiagoren ingurukoa zela eta hauek garai hartako erakusle talde nagusienetan zuten ordezkaritzaren inguruan zela.

Jende gehienaren aurreikuspenen kontra, emakume artistak 1920ko eta 1930eko hamarkadetako erakusketa gehienetan %30 inguru inguru zirela ohartu nintzen; baina talde modernistetan % 10 bakarrik. Zergatik zen hain ikusezina haien lana? Galdera horri erantzun nahi nion nire ikerketarekin. Garai hartan benetako interesa sortu zuten emakume “aitzindariek” salbuespen gisa; nahiz eta arte-kritika gehienek huskeriatzat hartzen eta baztertzen jarraitu zuten emakumeen lana; femenino, eratorri edo aspergarri gisa. Patroi hori ezagun egiten zaizue?

Zein desberdintasun dakar ikerketa feminista egiteak? Galderak desberdinak dira?
Aurreko erantzunean adierazi nahi izan dudan bezala, galderak desberdinak dira. Kontua ez da gizon artistak emakume artistekin ordezkatzea, artista txiki horiek ere tradizioaren eta artearen definizioaren parte baitira. Ikuspegia aldatzeak esan nahi du galdera desberdinak egin ditzakezula: historia nola dagoen genero-ikuspegitik idatzita; nola eraikitzen diren major/minor kategoriak artista zein arte-generoentzat; oeuvre-ak (artelanen gorputzak) nola egiten diren ezagun, nola biltzen diren edota “gordetzen”; eta nola arte historia legez ezagutzen dugun horretatik asko narratiba jakin bat besterik ez den, museoetako bildumetako “lan esanguratsu” edo tradizio selektiboko azterlan monografikoak harremanetan jartzen dituena. Galdera horiek aldendu egiten gaituzte gizonen eta emakumeen arteko konparazio bitar konstanteetatik, galdera sakonagoetara eramateko: zein arte baloratzen dugun eta zergatik, edota zer eta nola idazten den artearen eta artisten inguruan.

Ikuspuntu feminista batetik, zein da gaur egungo argazkia arte garaikidean eta arte kritikan? Zein da erronkarik handiena?
Kanpotik begiratuta, badirudi artearen munduak arreta handia eskaintzen diela emakume artistei gaur egun. Emakume artistek protagonismo berritua dute ezohiko zerbait moduan. Tate Modernek, Londresen, espazioaren heren bat baino gehiago eman die emakume artisten lanei, bai eta emakume-ikuskizun handiei ere, Zanele Muholi-ri, hemen; MASPek, Sao Paulon, Brasilen, urte oso bat eskaini die emakume artisten inguruko ikuskizunei (2018-2020); Parisko Pompidou-k XX. mendeko emakume artista abstraktuak erakutsiko ditu uda honetan.

Adibide gehiago dago gaur egungo artearen munduan emakume artistei ikusgarritasuna emateko era berri ezberdinen inguruan: arte argitalpenetan, aldizkarien edizio berezietan, baita azken hamarkadako azterlan monografikoetan ere. Dagoeneko emakumeak ez dira izaki arraro eta berezi bat edo pare bat, bakanak; beharbada, gaur egungo artearen parte handi gisa ere ikus litezke.

Aldaketa hori, ordea, hein batean baino ez da esanguratsua izan, orain 30 urte museo publikoetan emakume artistek zuten presentzia sinboliko eta nahiko mugatuari dagokionez bakarrik. Garai hartako erakusketa nagusietan emakume artisten lanak erakutsitako lanen %10a inguru ziren. Nola da posible oraindik ere emakume artistei espazio beraren %30a bakarrik eman ahal izatea?

Iraungo al du aldaketak? Aldaketa iraunkorra da ala artearen munduko hurrengo pasio handiak ekarritako moda da? Hori da erronkarik handiena, eta argitara ematen denaren araberakoa da neurri handi batean. Oraingo arreta horrek ekarriko al du benetako aldaketa emakumeek arteei egiten dieten ekarpena aitortzeko? Eta posible izango al da arte-ikasle bakarrak ere ez pentsatzea emakumeak salbuespen arraroak direla artearen munduan, edota haiengan pentsatzea sexu ahularen ideiari loturik, edota gizonezko kide batekin alderatuta egotzitako “falta” edo “defizita” dela eta, emakumeek ekoiztutakoa, nolabait, femeninotasunak markatzen duela?

Zoritxarrez, horixe izan zen emakume modernista askoren patua XX. Mendean.

n.paradoxa: international feminist art journal aldizkariaren sortzaile eta editore izan zara. Zein zen bere helburu nagusia?
Emakumezko artista garaikideen inguruko kritika feminista argitaratzeko existitzen ez zen plataforma bat sortzeko jarri nuen martxan. Horrek ez du esan nahi aurretik ez zenik lanik argitaratu: artikulu bakarren batzuk eta arte-aldizkarietako gai berezi moduan argitaratu izan ziren 1990eko hamarkadan; eta bazeuden emakumeentzako beste arte-aldizkari batzuk ere, baina gehienek nazio mailan bakarrik zuten eragina. 20 urtez iraun zuen n.paradoxak eta denbora horretan asko aldatu da dena, online argitaratzea besteak beste.

Edukiaren aldaketa nagusia izan da feminismoan dinamika erabat anglo-amerikarra albo batera uztea, gaurko egungo feminismoaren dimentsio globalak eta nazioz gaindikoak ulertzeko. Zeregin garrantzitsua izan zuen n.paradoxak aldaketa horretan: 70 herrialde baino gehiagotako 400 emakume idazle eta artistaren lanak argitaratu zituen 20 urtez, 40 bolumenetan bilduta. Aldizkariak 2017an utzi zion argitaratzeari, baina webguneko informazio-orrialdeek Arte Feministaren Behatoki gisa jarraitzen dute. Beste proiektu batzuetan kontzentratu nahi nuen, baina badakit beste argitalpen batzuk sortuko direla. Izan ere, argitaratutako asko, liburuak idazteko eta beste erakusketa batzuk antolatzeko erabili dira.

Zer azpimarratuko nahiko zenuke zure hitzaldian?
Beno, aldizkariaren izenburuaren atzean dagoen ideia adierazi ahal izatea espero dut: itxuraz ilunak diren ikasketa txikiek diziplina aldatzeko aukera dutela. Donna Harawayk parasito bati buruz, mikhotrixia paradoxari buruz, izandako eztabaidaren ondorio da aldizkariaren izenburua. Australiako termita baten hestean bizi da, eta ugaldu egiten da (ez genero bitar batekin sexu-harremanak izanda, banaketa bidez baino). “M.” kendu eta “n.” (noun = feminismoa) jarri nuen izenburuan. Ikerketa feminista horrela bizi dela transmititu nahi zuen: ikerketa zailetan inbertitzea dela, baina beharrezkoak diren eta batzuetan harrigarriak diren aurkikuntzak dakartzala; argudioak eskatzen dituela eta paradoxa edo kontraesanak zuzentzen ahalegintzea eskatzen duela.

Zer iruditzen zaizkizu hau bezalako diziplinarteko kongresuak?
Espero dut diziplinen arteko loturak aurkitu ahal izatea, bai eta ikuspegietan desberdintasunak izatea ere. Batak bestearengandik ikasten badugu, arteen eta zientzien bidez, edo diziplina desberdinen bidez, indartsuagoak izango gara gure gaietan, baina baita kideekin unibertsitateetan eztabaidatzeko gai ere. Espezializazioek ez dute izan behar pribilegiatu gutxi batzuentzat; gure ikerketa foro desberdinetan partekatu eta eztabaidatzeko ardura dugu. Feminismoak behin eta berriz frogatu du diziplinarteko ikuspegia duela eta zehar lerroa dela. Hala ere, espezializazio, eraikuntza edo esparru politiko eta ideologiko partikularrak ere baditu, eta ekarpen oso bereziak ditu egiteko, sexua / generoa / gorputz-politika bezalako gaietatik haratago. Feminismoak ez du genero-ordenik edo pentsamendu patriarkalik asmatu (patriarkatuak asmatu zuen! ). Feminismoa patriarkatua/kapitalismoa/kolonialismoa kritikatzearekin hasten da, gauzen ordena edo ordena “natural” bakar moduan; eta inguruan dugun mundua nola pentsatzen dugun aldatzeko gogoa du, sexu-desberdintasunari buruzko teoria sexistei, arrazistei eta klasean oinarritutako teoriei aurre eginez.

Zein aholku emango zenieke ikertzaile gazteei?
Pentsa ezazu epe luzera begira zein ekarpen egiten ari zaren gizarteari zure ikerketarekin, etorkizuneko kultura eta humatitateen argazki handiago baten parte legez. Ez kezkatu azken modan tokirik ez duela ematen badu, edo mundu guztia egiten ari dena kopiatu behar duzulako edo “segurua” denari lotu behar
izateagatik. Zure burua eta zure ulertzeko modua garatuko dituzu ikerketan zehar, originala dena bilatuz, inork lehenago egin ez duen hori. Azken finean, itxuraz desberdinak diren elementuen artean egiten dituzun konexioak dira zure ekarpenik handiena. Ekina izan eta zure jardunean dituzun arazoei angelu ezberdinetatik begiratu. Negatiboa dena positibo bihurtzea taktika erabilgarria izan daiteke, bitar sinplistak apurtu ahal izateko, konplexutasuna eta desberdintasunak onartzen dituzten pentsamoldeak sartuz.

2021-06-10T11:49:17+02:002021/06/09|
Go to Top